VallinaCAPen takografoa manipulatu eta interpretatzeari buruzko zalantza guzti-guztiak argitzeko ikastaro bat eskaintzen dizugu.
Metodologia: Ikastaroak 2 egun irauten du, eta gai horretan esperientzia frogagarria duten profesionalek ematen dituzte.
Prezioa: Kontsultatu. Hiruko Fundazioak % 100era arteko diru-laguntza eman dezake.
Tokia: Errekaldeko gure instalazioetan (aparkaleku pribatuarekin). Enpresetara ere joaten gara, ikastaro pertsonalizatuagoak ematera.
Takografoari buruzko hurrengo ikastaroa: Takografoari buruzko ikastaroak bi hilabetean behin antolatzen dira. Joan egutegira hurrengoa noiz den ikusteko.
Takografoa ezinbesteko tresna da edozein garraiolariren eguneroko lanean. Ezinbestekoa da jakitea zer den eta nola funtzionatzen duen, gaizki erabiltzeak oso garestia izan daitekeen arau-haustea baitakar. Takografoa ibilgailuetan instalatzen den gailu bat da, eta hainbat gairi buruzko informazioa erregistratzen du: ibilgailuaren ibilera eta garraiolariaren zenbait jarduera, egindako kilometroak, abiadura, ordua, geldialdiak, atsedenaldiak eta gidariak egindako beste lan batzuk.
Zer ibilgailuk eraman behar dute takografoa nahitaez?
Takografo digitala 2006ko urtarrilaren 1ean ezarri zen, eta ordutik ezinbestekoa da 3.500 kg-tik gorako ibilgailuentzat eta 9 pertsona edo gehiago eraman ditzaketenentzat, gidaria barne. Takografo digitalaren aurretik erabiltzen zen takografo analogikoa duten ibilgailuek ez dute zertan aldatu, salbu eta hondatzen bada.
Nola funtzionatzen du takografo digitalak?
Takografo digitalaren ekoizlea edozein izanik ere, oso antzeko funtzionamendua dute guztiek. Bi ataka ditu, gidariaren eta bigarren gidariaren txartelak sartzeko. Inprimagailu bat ere badute, azken jarduerak inprimatzeko, bai eta pantaila bat ere. Pantailan gidarientzako mezuak agertuko dira (geratzen den denbora, atsedenaldiak eta gidatzeko aldiak, etab.).
Lanaldiaren hasieran, ibilgailua geldi dagoela, gidariak bere txartela sartu behar du dagokion atakan. Txartela sartu eta gero, takografoak adieraziko du txartela zer ordutan atera zen azken aldiz. Orduan, gidariak eskuz sartu beharko ditu txartela azken aldiz atera zuenetik berriz ere sartu duen arte egin dituen jarduera guztiak.
Ondoren, gidariak bere lanaldia zein herrialdetan hasten duen sartuko du edo, Espainia barneko garraioaren kasuan, autonomia-erkidegoa. Jarraian, egingo duen jarduera hautatuko da.
Gidatzeko jarduera automatikoki hasiko da ibilgailua ibiltzen hasten denean eta, gelditzean, «beste jarduera batzuk» aukerara aldatuko da automatikoki. Horregatik, gidariak «beste jarduera batzuk» ez diren lanen bat egin behar badu (adibidez, atsedena edo lanerako prest egotea), garrantzitsua da eskuz sartzea dagokion jarduera.
Lanaldia amaitzean, gidariak, txartela atera aurretik, lanaldia zein herrialdetan amaitu duen adierazi behar du edo, Espainia barneko garraioaren kasuan, amaierako autonomia-erkidegoa.
Bi gidari daudenean
Ibilgailu batean bi gidari ari badira lanean, bakoitzak bere gidari-txartela eraman beharko du. Bakoitzak dagokion atakan sartuko du bere txartela: 1. atakan gidariak eta 2. atakan kopilotuak, eta, txanda bakoitzaren amaieran, txartelak atakaz aldatuko dira.